Usurbilgo alkatearen balorazioa ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki duela iragarri ondoren

Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak, ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki duela iragartzean ondoko balorazioa egin du:

“Bistan da, egun historikoak bizitzen ari garela eta lehio berri bat ireki dela Euskal Herrian. Berriak arrapaladan etorri dira baina pentsatzekoa da, noski, lan isil handia egin dela hau guztia horrela gauzatzen hasteko.  Donostiako Nazioarteko Konferentziatik lehio handi bat zabaldu da Euskal Herrian etorkizunari. Hortik atera diren ondorioak oso garrantzitsuak izango dira konponbide politikoa lortzeko; beraz,  Konferentzia honen emaitza txalogarria dela esan beharra dago.

Gatazka politiko bat dagoela ondorioztatu du Nazioarteko Konferentziak eta gatazka honek irtenbide politikoa behar duela esan du. Eta  beste zerbait ere egin du: ariketa argia planteatu du eragile guztientzat, estatuentzat, ETArentzat eta Euskal Herriko alderdientzat. Zalantzarik gabe, momentu hau, aukera hau, aprobetxatu egin behar da. ETAk Konferentziaren eskakizunei erantzun  zuzena eman du jada azken agiriarekin , bere jarduera armatua behin betiko alboratu du; hau izan da lehenengo urratsa, eta noski, normala den bezala izugarrizko inpaktua izan du. Ea laster Gobernuek ere Konferentziak egindako eskakizunei erantzuna ematen dien. Hori da egin behar dutena eta. Presoen egoeraren inguruan eman daitezkeen urratsak eta Sorturen legalizazioak egoera berri hau finkatzeko premiazkoak dira.

Historikoa eta pozgarria da, noski, halako egoeran egotea. Hainbat urte pasa ondoren, gure aurrean dugu aukera erreala guztiok irabazle egingo gaituen elkarrizketaren bidezko akordiora iristeko.  Orain ez dago aitzakiarik; eta nazioarteko begirada Euskal Herrira zuzenduta dago“.