Urtarrilak 31n burutu zen udalbatza plenoan Usurbilgo Bilduk aurkeztutako bi mozioak onartu ziren

Usurbilgo Udalak Hernani, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Villabona, Lizartza, Mendaro, Mutriku, Zaldibia, Ataun, Ibarra, Ordizia eta Legorretako Udalekin parte hartuko du Kutxako Kontseilu Nagusian. Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE-ko ordezkariak abstenitu egin ziren eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuen. Udalbatzak erabakitakoaren berri eman beharko dio orain, Kutxari. Mertxe Aizpurua alkateak Usurbilgo Udalaren parte hartze honekin, gipuzkoarren interesak hobeto defendatuko ditugula azpimarratu du.

Bestalde, administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta zerbitzuak okertuko direla ohartarazita, espainiar gobernua sektore publikoan burutzen ari den erreformen aurka agertu da Usurbilgo udalbatza, Bilduk azken osoko bilkuran gai honen inguruan aurkeztu zuen mozioaren bidez. Gehiengo osoz onartu zen, hiru puntuko testua:

  • Udal honek, Espainiako Gobernuaren presidente den Mariano Rajoyk iragarritako neurriak errefusatzen ditu.
  • Udal honek, geroz eta premiazkoagoa den Ongizate Estatuaren defentsan kontsentsua mantentzea eskatzen du, udalek eman behar dituzten zerbitzuen alde egiteko.
  • Madrilen onartutako neurri hauen larritasunaren eta ondorioen aurrean, Udal honek euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizatu eta kalitatezko eta herritarrengandik gertueneko sistema publikoaren aldeko konpromisoa adieraz dezan.

Ildo honetatik, mobilizazioak deitu dira otsailaren 4rako, 18:00etan Bilbon eta 11rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.